Joxean Muñoz

komikipediatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Joxean Muñoz Otaegi Donostian 1957 urtean jaiotako gidoilaria, erakusketagilea, zinemagilea, irudigilea eta euskal idazlea da. Hainbat ekimen eta erakundeen kudeaketan parte hartu du: besteren artean Tabakalerako Zuzendari izan zen eta  Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea. Helduentzako komikigintzan 70. hamarkada amaierako proiektu aitzindarietan parte hartu zuen, eta 80. Eta 90. hamarkadetan komiki gidoigintzan aritu zen, besteren artean 'Gabai' eta 'Irati' bildumetan.


Frankismopean Elvira Zipitriak sortutako ikastolako ikasle izan zen, eta komikiekiko lotura txikitatik du: "igandero tebeo bat erosten ziguten eta tebeo pilo bat genuen, oso gustukoa nuen." adierazi zion elkarrizketa batean Urkiri Salaberriari.


70. hamarkadako euskarazko komikigintzaren proiektu aitzindarietan[aldatu]

Bartzelonara joan zen unibertsitate ikasketak egitera eta 1979 urtean Arte Garaikidearen Historian lizentziatu zen.

Komikigintzarekin lotura urte horietan garatu zuen Muñozek, 1978 eta 1979 urteen artean helduentzako komikiak euskaraz sortu eta argitaratu zituzten taldean parte hartuz. 'Gomikia 2', 'Ehun kilo' eta 'Alde!' komiki bildumak argitaratzeko sortzaile asko elkartu ziren: Astrain, Luis Otaegi, Gentz, Larrarte, Mina, Olariaga, Mikel Plazaola, Alberto Saavedra, Arturo, Guru, Xabi Lopez, Jon Casenave, Philippe, Andu Lertxundi, Joseba Sarrionandia,...

Anaitasun aldizkarian Joseba Sarrionandiak Gomikia proiektuari buruzko galde-erantzunen testua osatu zuen.

"78ko urtarrilean Zeruko Argia-ren inguruan ibiltzen ziren grafistak hasi ginen eta gero zabalduz joan zen zirkulo hori."(besteren artean Anaitasuna aldizkarian bertan argitaratzen zuten sortzaileetaz ari da.)

Zein helburu izan zenuten hastapenean?— Ba. Ipurbeltz eta umeei zuzenduriko komikiak oso mugaturik daudela ikusiz, bai gai, marrazki, teknika eta euskararen aldetik ere, komikia lengoaia bezala desarroilatzea izan da gure asmoa.
Euskararen aldetik esan duzu, nola? — Komikiari apropos dagokion hizkuntza bat asmatzen saiatu gara. Hau ezin egin daiteke teknikoki, praktikoki eta eginez baizik. Gauza bera esateko, marrazkien bidez istorioak kontatzen ikasten ari garen bitartean, ikasi egingo dugu euskara apropos hori erabiltzen.

Beste lanen artean, Muñozek "Gomikiaz, euskaraz, euskal gomikiaz" testua idatzi zuen.


Garai berean ere, Muñoz 'Oh! Euzkadi' aldizkariko kide izan zen. 1977tik Ramon Saizarbitoria eta Koldo Izagirre Zeruko Argian elkarrekin idazten hasi ziren, 1979ko maiatzean 24 lagunek sinatutako 'Oh Euzkadi' izeneko testu-luzea argitaratu zen. Izagirrek eta Saizarbitoriak "Oh! Euzkadi" izenburua erabili zuten Zeruko Argiako kolaborazioa berritzeko, eta 1980ko maiatzean argitaratu zen 'Oh! Euzkadi' aldizkariaren lehen zenbakia.

Lur argitaratzailearen babesean, 'Oh! Euzkadi' aldizkarien eragile nagusiak Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Ramon Etxezarreta, Joxean Muñoz, Joxan Elosegi, Juanba Berasategi eta Gotzon Egia izan ziren. Bertan testuak argitaratu zituzten, besteren artean, Lurdes Oñederra, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga...

'Oh! Euzkadi' aldizkarien maketazioa Joxean Muñozen ardura izan zen: diseinu berezia zuen aldizkariak, eta maketazio lanaz gain Muñozek azal eta marrazki ugari argitaratu zituen bertan, beste irudigile batzuekin batera: Ana Ugarte,  Jesus Lucas, Antton Olariaga, Juanba Berasategi...

Hamasei zenbakietatik sei 1980an kaleratu zituzten, zazpi 1981ean, ale bana 1982ko otsailean eta martxoan eta, urtebeteko isilunearen ondoren, 1983ko martxoan azkenekoa. Armiarma datubasean aldizkari guztiak eskuratu daitezke.

Idazle bezala, 1984an kaleratu zuen Joxean Muñozek Hordago argitaletxearen eskutik 'Parentesiak (etabar)' olerki liburua. Horrez gain, 1992an Susa aldizkariaren separatan ere 'Begien bizkar' agertu zen . Bere olerkien antología XX. mendeko poesia kaierak bilduman argitaratu zen, Koldo Izagirreren eskutik.

Urte haietan profesionalki gidoigintza izan zen bere jardunaren ardatz nagusia: telebistarako hasieran, dokumental, programa edo serietan, zinemarako gero, komikietarako baita ere, eta erakusketetan azkenik.

Gabai[aldatu]

Lur Argitaletxeak sustatutako 'Gabai' komiki sailean parte hartu zuen ere, lantalde zabal baten barne; Rafa Castellanok hasi zuen saila eta ondoren Joxean Muñozek hartu zuen gidoien segida; marrazkietaz Jose Angel Lopetegi eta Carlos Varela arduratzen ziren, Juan Luis Landa eta Pedro Sestelo tintara pasatzen zituzten irudiak, Gastón Majarenas eta ondoren "Iturri" eta Aintzane Domenech arduratzen ziren koloreztatzeaz...

1986 urtean Ipurbeltz aldizkariko 105, 106, 107, 108 eta 109 aleetan Muñozen gidoiekin eta J. A. Lopetegi 'Lope'-ren marrazkiekin Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen abenturen komikiak argitaratu ziren: hamar urte beranduago Ibaizabal etxeak albumetan argitaratu zituen komiki hauek.

Gabaik bigarren bizitza bat izan zuen 'Vascos ilustres' (Lur, 1992) komiki biografikoen sailarekin. Muñoz, besteren artean, pertsonaia hauen liburukien gidoiaz arduratu zen: Koldo Mitxelena, Elhuyar, Etxepare, Axular, Barojatarrak... Lope arduratu zen irudietaz eta Angel Turrillas koloreaz.

1994 urtean HABE aldizkarian atalka “Barnetegian Tiroka” izeneko komikia argitaratu zuen, J.L. Nazabalen marrazkiekin.

1994 urtean Muñoz eta Txabi Basterretxeak 'Tipula' Kultur proiektuak enpresa sortu zuten eta 2006 urtea bitarte hainbat proiektu garatu zituzten.

Eusko Ikaskuntzarako Urkiri Salaberriak egindako elkarrizketan horrela dio: "Hasieran Telebistarako produktora bezala sortu genuen, baina, komentatu dugunez, sormen mundu horretan sartuta zaudela ez zara ixten eta erakusketak antolatzen hasi ginen, oso modu naturalean. Komikigileak ginen, gidoilariak (egia esanda horrela definituko nuke nire burua), ikus-entzunezkoetan eskarmentuarekin, ba zergatik ez erakusketa bat? Bai, telebistan edo zineman eserita zaude eta erakusketa batean ez, baina ibilbide bat egin behar duzu eta gidoi bat jarraitu, jendeak esperientzia fisikoa izan dezan"

Erakusketa horien artean hauek nabarmendu izan dira: San Telmo museoan 'Badu Bada' (euskarari buruzkoa), 'Atarian' (Donostian XXI. mendea ospatzeko antolatutako erakusketa), Cristina enea ingurumen baliabideen etxean, Ivan Zuluetari buruzkoa KM-n.

Koldo Mitxelena kulturunean komikia ardatz zuten hainbat erakusketa prestatu zituen: 1996 urtean 'Komikiak 100' (ondoren herriz herri ikusi ahal izan zena) eta Antton Olariaga, Jon Zabalo "Txiki"... Komikigileei buruzkoa.

Argian olariaga eta Joxean Muñozen arteko solasaldia argitaratu zen.

Irati[aldatu]

Erein argitaletxearen webgunean Muñozek kontatu zuen Irati komikiaren sortzailerekin izandako lehen topaketa: "Juan Luis Landak eta biok Juanba Berasategiren tailerrean ezagutu genuen elkar. Marrazki bizidunak Euskal Herritik eta euskaraz sortzeko Juanbaren asmo handi hura gutako askoren eskola eta bultzada profesionala izan zen. Komikiak ere egiten ziren bertan, Gabai komiki saila adibidez, Euskal Herriko Historia kontatzeko Rafa Castellanok sortu zuen saga. Nik behintzat, han ikasi nuen gidoigintza, Rafa Castellanoren eskutik."

Landak 1995 urtean 'El ciclo de Irati' saila abiatu zuen, euskal historia eta mitologia ardatz hartuta frantziar eta espainiar estatuetako komiki merkatuetan argitaratzeko asmoz, eta Glénat argitaletxearen eskutik ireki zuen bide hori. 1995an argitaratu zen 'El despertar del Autza', eta frantziar estatuan 1996an argitaratu zen Le cycle d'Irat (Editions Vents d'Ouest.)

Euskaraz atalka 'Ipurbeltz' aldizkarian argitaratu zen istorio hau, baina gero sail honek gure hizkuntzan ez zuen segidarik izan

[https://www.deia.eus/cultura/2016/03/12/juan-luis-landa-libro-ilustrado-5052135.html Bigarren liburukirako Landak argi zuen gidoilari batekin lankidetzan egin nahi zuela, eta Joxean Muñozeri proposatu zion.


Ezustean harrapatu ninduen Juan Luisek, esan zidanean Iratirekin jarraitzeko asmoa zuela baina zama handiegia zitzaiola marrazkiaz, margoaz eta errotulazioaz gain, gidoiaz arduratzea, eta ea ardura hori neuk hartuko ote nukeen. Gustura esan nion baietz.

Historiatik aldentzea proposatu nion, halere. Ez genuen Nafarroako erresumaren historia kontatuko; garai haietan, edo garai haietako oihartzunetan girotutako istorioak asmatuko genituen. Fantasiazkoak. Ezpata eta magia. Borroka eta maitasuna. Komikia Historia kontatzearen zerbitzuan jarri ordez, Historia istorioak sortzeko aitzakia izango zen. Konforme jarri ginen.

Horrela bikoteak 1997 urtean 'El medallón de Boldro eta 2003an 'La condena de Irati' sortu zituen. Azken istorio hau ez zen bere horretan album batean argitaratu, baizik eta 'Integral Irati' izeneko bilduman argitaratu zituen Glénat argitaletxeak.

Urte horietan irakurri zituen Paul Urkijo gazteak komiki horiek, eta arabar gidoilari eta zinemagileak 2022 urtean estreinatu zuen 'Irati' filma, komikiko pertsonaia eta istorioak erreferentzia bezala hartuta. "Argi neukan euskal mitologiari eta Euskal Herriko Erdi Aroko historiari buruzko pelikula bat egin nahi nuela, hori bai. Betidanik. Kontua da El ciclo de Irati komikian [Iratiko zikloa, Joxean Muñozek idatzia eta Juan Luis Landak marraztua] aurkitu nituela pertsonaia batzuk komikiak edaten duen iturburu horretatik edateko nik ere. Iturburu hori euskal mitologia da, guztiona den zerbait, eta Eneko Arista eta Irati hara jotzeko bideak dira. Moldaketa libre bat egin dut: pertsonaia berri pila bat sartu dut, egoera historikoak ere bai —Orreagako guda, adibidez—, eta nire eremura eraman dut. Hortaz, Irati izan behar zuen, baina pelikularen bihotza euskal mitologia da berez: izena duen guztia omen da, ez; guretzat, bada.

Landak eta Muñozek 90. hamarkadako sailari jarraipena eman zioten 2005eko ekainean Ikastolen Elkarteak sustatutako Xabiroi aldizkarian: lehen zenbakian hasi ziren atalka agertzen Irati saileko 'Saiak' istorioak. Azken atala 2017ko urriko 9. aldizkarian argitaratu zen eta albuma urte berean merkaturatu zen.

"Hurrengo urratsa ulertzeko, Dani Fano ezagutu behar da. Xabiroi aldizkariaren arduraduna eta arima da Fano, azken urteotako euskal komikigintzan erabakigarria izan den egitasmoarena. Hark eman zizkigun Iratirekin jarraitzeko bultzada eta aukera, Historiatik urrunago, fantasiatik gertuago, eta euskaraz."

2023 urtean Ereinek euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu ditu Irati saileko lehen liburukiak.

90. hamarkadara itzuliz, Muñoz 1994, 1995 eta 1996 urteetan zehar 'Eremuak' Zarauzko hizkuntza gutxituen gaineko nazioarteko Zinemaldiaren zuzendaritza taldeko kidea izan zen. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean (1997) epaimahaikidea izan zen ere, eta 2003an Donostiako Nazioarteko Zinemaldian Zuzendari Berriak sailean.

Ibaizabal etxeak Muñoz/Lope bikoteak Ipurbeltzerako 10 urte lehenago sortutako komikiak albumetan argitaratu zituen: 'Zubiko zirkoa' (1997), Sir Endikaren eskopeta (1998)...

Berriz ere Txirri, Mirri eta Txiribiton protagonista bezala, Txabi Basterretxearekin batera 'Tortolika eta trombon' animaziozko luzemetraiaren gidoiaz eta zuzendaritzaz arduratu zen eta 1999an Kimuak programarako aukeratu zuten. 'Karramarro Uhartea' izeneko filmagatik Goya Saria irabazi zuten 2000. urtean. Irusoin eta Lotura Films elkarlanean aritu ziren eta Juanba Berasategi arduratu zen muntaiaz

Hurrengo urteetan filmako pertsonaietan oinarrituta 6 liburu sortu zituen Inazio Mujika Iraolarekin batera eta Lope-ren marrazkiekin, tartean 'Dimitri eta sorgina', 'Balearekin kantuan', 'Dimitri eta itsas txakurrak'...


Urte hauetan guztietan artikuluak eta zutabeak idatzi zituen zinemaz, kulturaz...

2006tik 2010era Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zuzendari nagusia izan zen .

2012 urtean estreinatu zen Juanba Berasategik zuzendutako 'Tormeseko Itsumutila' animazio filmarenm gidoia egin zuen Mitxel Muruarekin batera.

2012an Kultura, Gazteria eta Kiroleko Sailburuorde izendatu zuten Eusko Jaurlaritzan eta Urkullu lehendakariaren lehen eta bigarren legealdietan izan zuen ardura hori. 2020an Andoni Iturbe Amorebietak ordezkatu zuen, baina Muñoz kultura sailean lanean jarraitu zuen.

Muñozen zuzendaritzapean abiatu ziren 2017 urtean komikiak eta liburu ilustratuak sortzeko diru laguntzen urteroko deialdiak. Oinarrien arabera 15.000 euroko 4 laguntza ematen dira komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat.

Muro "Harriet' komikigile eta editoreak horrela kontatu zituen diru laguntza hauen sorreraren nondik norakoak.

Neuk (Murok) proposatu nuen. Ikus-entzunezkoetan ari nintzenean, askotan egin nituen diru-laguntza eskaerak, izan gidoia idazten laguntzeko, izan film-laburra egiteko, eta, inoiz, baita film-luzea egiteko ere. Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza ematen zituen ikus-entzunezkoei laguntzeko. Komikia bultzatzeko, aldiz, batere ez. Joxean Muñoz zen garai hartan Jaurlaritzako Kultura sailburuorde. Komikiak egindakoa da Muñoz, eta badaki zertaz ari garen komikiaz ari garenean. Askok ez dakite-eta zer den oraingo komikia. Komikiak sortzeko diru-laguntzak behar genituela esan nion, Espainiako Estatuan ehun milioi euro baino gehiago sortzen zituela komikiak – zergen bidez, besteak beste–, eta zilegi zela sortzen zituen zergen zati bat komikian bertan inbertitzea, sortzaileentzako bekak sortuz, adibidez. Ez zen prozesu erraza izan. 2016. urtea zen, eta diru partida guztiak Donostiara [Europako Kultur Hiriburua] begira zeuden. Joxean Muñozek esan zidan, hori igaro eta gero hitz egingo genuela, eta, bestalde, sektorearen eskaera izan behar zuela, ez bakarrik nirea. Logikoa. Eta sektorea bildu nuen: Astiberri argitaletxea, Xabiroi aldizkaria, eta hirurok. Eta berriz ere eskaria egin, eta oztopoak, eta hau eta hura. Gogoan dut Astiberriko ordezkariak esan zuela: “Ez dugu lortuko!”. Eta esan nion: “Eutsi egin behar diogu: bataila bat ez da galtzen, abandonatzen ez den arte”. Denbora joan zen, baina, tarteka, Joxean Muñozekin egiten nuen topo, Donostiako Zinemaldian edota beste nonbait, eta gauza bera esaten nion beti, komikiari lagundu beharra zeukatela: “Eusko Jaurlaritzak –edo diputazioek, berdin zait–, dirua biltzen du komikiaren kontura, baina ez dio trukean batere itzultzen”. Uste dut bera ere aspertu zela gauza bera aditzen, eta, halako batean, bilera bat eratu zuen, sektorea bildu zuen, eta baietz esan zigun. Eta azkenean sortzaileentzako bekak abiarazi zituzte


2023 urtean Ereinek euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu ditu Irati saileko lehen liburukiak: Gaztelerazko bertsioak 4 istorioak jasotzen dira, eta euskarazko bertsioan lehen hirurak: sail osoa euskaraz irakurtzeko Ikastolen Elkarteak argitaratutako 'Saiak' albuma eskuratu beharra dago. Paulo Urkijok 90. hamarkadako sail hau hartu zuen erreferentzia bezala bere pelikula egiteko.


EUSKARAZ XXI. MENDEAN ARGITARATUTAKO KOMIKIAK[aldatu]

DATA IZENBURUA ARGITARATZAILEA GIDOIA MARRAZKIAK JATORRIZKO HIZKUNTZA ITZULTZAILEA JATORRIZKOAREN URTEA
2023 05 MAIATZA
Irati komikia osoa.jpg
Irati / Irati Saila Erein Juan Luis Landa
Joxean Muñoz
Juan Luis Landa Gazteleraz Joxean Muñoz 1995ean gazteleraz ‘El despertar del Autza’ (Glenat) eta 1996ean frantsesez ‘Le Réveil d'Aoutza’ (Vents d'Ouest)
Euskaraz atalka 'Ipurbeltz' aldizkarian
1997an ‘El medallón de Boldró’
eta 2004 urtean lehen bi istorioak eta ‘La condena de Irati’ hirugarrena biltzen zituen ‘El ciclo de Irati-Integral’ liburukia.
2007 11 AZAROA
2007 saiak.jpg
Saiak
Irati Saila
Ikastolen Elkartea/Xabiroi Juan Luis Landa
Joxean Muñoz
Juan Luis Landa Euskaraz jatorrizkoa 2005eko Ekainean Xabiroi aldizkariaren lehen zenbakian hasi zen atalka agertzen, eta azken atala 2017ko urrian 9. aldizkarian argitaratu zen.